XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ahaldunaren sinadura ere autografoa izan behar da; ahaldun horrek, gainera, ordezkari gisa diharduela adierazi behar du sinadura-aurrekoan; bestela, erantzukizun pertsonala izango du (ikus 945. zk.).

949. Kanbio-betebeharraren inguruko betekizunak. -Betekizun horiek legearen 1. artikuluaren 2, 4 eta 5. zenbakiek jaso dituzte, eta hauexek dira:

a) Diru kopuru zehatza ordaintzeko agindua. -Agindu hori jatorrizko edo oinarrizko kanbio-adierazpena da (ikus 943. zk.).

Bestalde, agindu hori behar bezala emanez gero, letra sortzen da.

Agindu hori ordainketa-agindu huts eta soila izan behar da; hortaz, agindua ezin da baldintzapekoa izan, hots, ezin da bihar-etziko jazokuntza bat gertatzearen edo kontraprestazio bat jasotzearen menpe egon.

Aginduaren objektua diru kopuru zehatz edo jakina izan behar da; beste hitz batzuetan esateko, diru kopuru hori ezin da inola ere zehazgabea izan, titulutik kanpoko faktoreen bidez zehazteko modukoa izan arren.

Zehaztasun hori alde batera utzita, zenbait letratan korrituak jasotzen dituzten klausulak ezar daitezke.

Legearen arabera, korrituen klausula horiek agerian edota ageritik epe jakin batera ordaindu beharreko letretan bakarrik jaso daitezke.

Gainerakoetan, klausula hori jasotzen bada ere, ez da kontuan hartuko.

Bestalde, letrak jaso behar du zein den urteko korritu tasa; besterik zehaztu ezean, korritu horiek igorpen datatik hasiko dira zenbatzen (6. art.).

Letraren balioa adierazteko moneta estatukoa edo atzerrikoa izan daiteke.

Legearen 1.2. art.aren harira, ordaindu beharreko diru kopurua pezetetan ordain daiteke, baita kotizazio ofizialean onartu eta pezeta bihurtzeko modukoa den atzerriko monetan ere (ikus 986. zk.).

Diru kopuru hori letraz nahiz zenbakiz adieraz daiteke, baina praktikan bi modu horietan agertu ohi da.

Edonola ere, gerta daiteke bi zenbateko horiek bat ez etortzea eta, halakoetan, legeak lehentasuna ematen dio idatziz jasotzen den zenbatekoari.

Halaber, diru kopuru desberdinak idatzi badira letraz zein zenbakiz, horietatik txikiena hartuko da kontuan (7. art.).

b) Mugaegunaren zehaztapena. -Mugaegunak letra zein egunetan ordaindu behar den adierazten du.

Mugaegun hori ahalezko eta zehatza izan behar da.

Letraren mugaeguna ezinezkoa (adibidez, zehaztutako mugaeguna otsailaren 30a edo letraren aurreko daten bat denean) edota zalantzazkoa bada (esaterako, mugaeguna x hiltzen deneko eguna edota merkataritzako eragiketa bat egiten denekoa da), orduan letra horrek mugaegunik zehaztu ez duela ulertuko da.